Gernika-Lumoko aralar Udal Tadea


Aralarrek bide politiko hutsak erabiltzen dituen ezker abertzalearen alde egitea berretsi du Hegoaldeko Batzarrean
Azaroa 23, 2008, 6:40 pm
Filed under: 1

Hegoaldeko Batzarra egin du Aralarrek gaur Bilboko Arrupe Etxean, eta bertan berretsi da Aralar bere proiektua defenditzen aurkeztuko dela Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak esan duenez, “Aralar hurrengo hauteskundeetan ezker abertzale politikoaren proiektua defenditzen egongo da. Bide zibilen aldeko hautua da gurea, eta hiru oinarri dituena: ezkerrekoa, abertzalea, politikoa. Bide soilik politikoaren aldeko ezker abertzale baten alde egiten dugu. Ezkerreko izaera duen alderdia gara, eta gure lan ildoan eta programan horixe azpimarratu nahi dugu, baina alderdi abertzalea ere bagara”.

Indar abertzale subiranisten elkarlanaren inguruan ere mintzatu da Abril. “Bestelakoa da azken boladan dabilen mugimendua. Hauteskundeetatik haratago, herri honen normalizazio eta bakerako bidean diferenteen arteko harremanak sustatu eta landuko ditugu guk ere. Uste dugulako herri honen normalizazio eta baketzea denon ardura dela eta denoi dagokigula, baina hori bereizi egin behar da hauteskundeen girotik”.

Bere proiektua defenditzerakoan, bi printzipio orokor eta sei oinarri aurkeztu ditu Aralarrek. “Bi printzipioak dira herritarren parte hartzea sustatzea, eta hori izatea politikaren ardatz. Eta bigarrena, zero tolerantzia iruzurrari. Hauxe da gure kezka handienetako bat, diru publikoaren gainean dagoen kontrol eskasia, eta zorroztasun handiagoa eskatzen dugu. Hori izan beharko litzateke instituziotan gauden politikari guztion zeregina. Horretan zorrotzak izango gara”.

Aralarrek aurkeztuko duen hauteskunde programako ildo nagusiak zehaztu ditu Aralarrek bere militantziarekin batera. Krisiari aurre egiteko, politika sozialen premia aldarrikatu du Aralarreko koordinatzaileordeak. “Aralarrentzat, krisi ekonomikoaren aurrean eman daitekeen erantzunik onena eta beharrezkoena arlo sozialean inbertitzea, arlo sozialean eta politika publikoen sustatzean eragitea. Zerbitzuen izaera publikoa aldarrikatuko dugu, eta nolabait krisialdi honetan ahulenek ordain ez dezaten neurri zehatzak hartu daitezela”.

Horrekin batera, politika fiskalak errotik aldatu behar direla uste du Aralarrek. “Bonantza ekonomikoaren garaian hautua izan da zergak jaistea, eta orain, krisi garaian, gauza bera egiten ari dira. Guztiz kontra gaude, eta errotiko aldaketa eskatzen dugu”.

Giza eskubide guztien defentsa izango da Aralarren hauteskunde programako bigarren oinarria. Biktima guztiak eta sufrimendu guztiak errekonozitzea izango da Aralarren zeregin nagusia, bakea lortzeko lanarekin batera.

Etxebizitza eskubide unibertsal bezala hartua izan dadin lanean ari da Aralar, eta irizpide hori landuko du hauteskunde programan. “Uste dugu etxebizitzarena dela gizarte honek duen arazo latzenetako bat, bai behintzat unibertsalenetako bat. Izan ere, mundu osoan dagoen etxebizitza garestienetakoa da Euskal Herrikoa, eta hori egin diren lurzoru eta etxebizitza politika eskasen ondorioa da”.

Hizkuntz politika baten aldeko lana egitea, hau da, funtzio publikoaren legea aldatzea; gizonen eta emakumeen berdintasunerako urrats sendoak ematea eta ingurumen eta energia politiken aldaketa izango dira hauteskunde programan Aralarrek jasoko dituen beste hiru ildo nagusiak.



No Comments Yet so far
Utzi zure iruzkina



Utzi zure iruzkina
Line and paragraph breaks automatic, e-mail address never displayed, HTML allowed: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <pre> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>