Filed under: 1
Aralarrek Legebiltzarreko hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu ditu gaur Donostian. Gipuzkoatik Aintzane Ezenarro, Bizkaitik Dani Maeztu eta Arabatik Mikel Basabe izango dira zerrendaburuak. Hala berretsi zuen joan zen astean Aralarren Hegoaldeko asanbladak eta gaur egin dute hautagaien aurkezpena prentsaurrekoan.
Prentsaurrekoan adierazi bezala, Aralarrek euskal sozietatearen aurrean berretsi egiten du bere sortze arrazoiak: ezker abertzale politikoa, zibil eta zabala eraikitzeko lan egitea. Klabe horretan gaude gaur ere, beti egon izan garen bezala.
Langintza horretan, ezker abertzale zibil eta zabalaren oinarriak aspaldi daude ezarrita. Ez bakarrik Aralarrek sortze agirian jaso zituelako. Ondoren ere horren aldeko iritzia nagusitu da: Anoetan, bideak huts-hutsean politikoa izan behar zuela esan zitzaion euskal sozietateari. Anaitasunan, berriz, erabakitzeko esparruak bi direla: Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa.
Aralarrentzat horiek dira abiapuntu beharrezkoak. Horiek dira une oro defendatu beharreko oinarriak. “Guk horrela egin izan dugu, eta horrela egingo dugu aurrerantzean ere: politikoa ez den edozein erakunderekiko morrontza barik jardunez, gure erabakien jabe geu izanez”, Mikel Basabek adierazi duenez. “Horregatik, Aralarrek berretsi egiten du bere konpromisoa, abertzaleon arteko elkarlana, elkarlan politikoa bultzatzekoa. Herri honetako abertzaleok horixe eskatzen digute, eta alderdion erantzukizuna da agindu hori betetzea”.
Aintzane Ezenarrok, Aralarrek erakutsi duen politika egiteko beste modu horrekiko duen konpromisoa azpimarratu du. Gardentasunarekiko konpromisoa du Aralarrek oinarri.
Diskurtso osoa
“Aralarrek argitasuna eskaintzen du”, adierazi du Aintzane Ezenarrok. Argitasuna kokatzen garen lekutik eta epe ertainera gure proiektuak eskaintzen duenarekiko. Abertzaletasunaren baitatik ezkerreko alternatiba baterako oinarriak jartzen jarraituko dugu, instituzioetako abertzaletasunak defendatzen duen eredu sozial eta ekonomikoarekin lehiatuko dena eta gizartearen eguneroko beharrei benetako alternatiba sozialago eta justuagoak eskaintzen dizkiena.
Argitasuna hauteskundeei begira defendatzen dugun horrekiko: eguneroko arazoei ezkerretik erantzunak ematen dien programa:
• Erabateko aldaketa politika fiskalean, langileengan karga gehitu barik eta errentarik altuenengan inposizioa gehituz; iruzur fiskalaren kontrako benetako borroka.
• Azpiegiturek hartu duten erdigunea gainditu, erdi-erdian inbertsio publikoa eta politika sozialak ezartzeko. Erakundeen ohiko gastuan austeritatea
• Alokairu sozialaren eta alokairuko etxebizitza kopurua gehitzearen alde egiten duen etxebizitza politika: 4 urtetan alokairurako 35.000 etxebizitza (urtero 200 milioi euroko inbertsioa eskatzen duen politika)
• Euskararen normalizazioa bultzatu, arlo publikoaren euskalduntzean eraginez eta horretarako pausu zehatzak emanez
• Autodeterminazioaren defentsa eta berau gauzatzeko egiten diren ekintza zehatzekiko aldekotasuna, horretarako eskubide horrekin bat egiten dugun guztion indarrak metatzearen alde eginez, inolako salbuespenik gabe
Argitasuna, lortuko ditugun botoekiko. Hauteskundeetan lortzen dugun babesarekin zer egingo dugun argi izango dute herritarrek. Ez da gure lehentasuna gobernu baten edo beste baten egotea, baizik eta erabaki garrantzitsuenetan ezkerretik eragitea. Izan ere, ezetz esatetik haratago, alternatibak eskaintzen dituen ezkerra garelako; eragiteko hitzarmenak lortzen ditun ezkerra. Hortxe azkenerako adibide bat: gizarte zerbitzuen legea.
Argitasunez aritzeko gure konpromisoak zerikusi zuzena dauka politika egitea ulertzeko daukagun moduarekin, eta kargu publikoekin arduraz jokatzearekin. Bakoitzaren arduratik jardun behar dugu. Horrela ulertzen dugu politika egitea. Horregatik fondo publikoen kontrola eta gardentasuna gure kanpainaren oinarri izango dira. Urteetan erakundeetan lanean jardun duten alderdien kultura politikoarekin amaitzeko lanean jarraituko dugu, era horretan instituzioek kortijo eran jarduteari utz diezaioten.
Era berean, beharrezkoa da ekintza politikoa herritarrei zabaltzea. Ohiko esaldietatik haratago, parte-hartzeko eta erabakiak konpartitzeko bide errealak ezarri behar ditugu. Eztabaida sortzen duten proiektuen aurrean kontsultak eta eztabaidaguneak.
Eta, politikan ilusioa galdu dutenei mezua: Politika egiteko modua aldatu nahi dugulako parte hartu behar dugu askoz ere gehiago politikan. Bestela, politika modu ilunean egiten ibili diren horiei gauza bera egiten jarrai dezaten utziko diegu.
No Comments Yet so far
Utzi zure iruzkina
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <pre> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

